2016(e)ko martxoaren 8(a), asteartea

Suge itsua

Materiala: Jokalari bakoitzari zapi bana

Espazioa: Espazio eremu zabala, oztoporik gabekoa

Garapena:

Parte hartuko duten lagun guztiekin bi talde egingo ditugu. Talde bakoitza suge bat izango da, horretarako taldekide guztiek lerroa osatu behar dute, bata bestearen atzean jarrita. Jolaskide bakoitzak aurreko jokalariaren sorbalda gainean jarriko ditu eskuak.


Sugea osatzen duten guztiek begiak zapiekin estaliko dituzte, lerroan azkena dagoenak izan ezik. Honek gidatuko du "sugea", baina hitz egin gabe. Sorbaldan kolpetxoak emanez adieraziko dira aginduak, eta jokalari bakoitzak aurrean duenari transmititu beharko dio zer egin behar duen.

Aginduak honelakoak izan daitezke: 
  • EZKERRERA JOAN: aurreko lagunaren ezkerreko sorbaldan kolpetxo bat jo. 
  • ESKUINERA JOAN: aurreko lagunaren eskuineko sorbaldan kolpetxo bat jo.
  • GELDITU: aurreko lagunaren bi sorbaldetan kolpetxo bana jo. 
  • AURRERA ABIATU: aurreko lagunaren sorbaldetan bi kolpetxo jo.
Helburua beste taldeak osatutako sugea harrapatzea da. Beste sugea harrapatuta dagoela esateko, beste taldeko gidaria harrapatu behar da, hau da, ez du balio begiak estalita duen lagun bat harrapatzea. Gidaria harrapatuz gero, lagun hori beste taldera aldatuko da eta hortik aurrera beste sugearen lehen lekuan jarriko da begiak estalita dituela.


Sugeak ezin dira hautsi, hau da, kide guztiek elkarri helduta egon behar dute denbora guztian. Jolasteko lagun asko badaude, bi suge baino gehiago osa daitezke.



0 iruzkinak:

Argitaratu iruzkina